XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bi bide

Hogeita bost urte zeramatzan gerriz behera elbarri, baina azken urteetan goialdeko ezker alderdia ere nagitzen sentitu zuen, eta honek bere egoera erabat okerbideratu zuen, zeren eta aurretik erruedazko aulkian ibiltzea bazeukan, orain bere eginbehar ia guziak neskame edo senitartekoren baten esku geldituak ziren.

Dena bestek egin behar zion bizitza baldarrak erabat erre zuen gelditzen zitzaion umore apurra; iruditzen zitzaion ez zela bere bizitza bizitzen ari.

Hau da, besteak berarentzako bizi ziren, eta bera ez zen inorentzako bizi.

Hau ulertzen zaila da hankak ondo dituenarentzat, lanera joan, juerga egin, larrua jo eta hondartzan etzatea gauzarik normalenak dituenarentzat, baina Samuelek pentsatzeko denbora asko zeukan, eta ulertu zuen bizitzak ez duela bizitzea merezi, gutxieneko baldintza batzuen oinarrian ez bada.

Baina ezin zuen bere bururik akabatu ere, horretarako ere ez zen gai bera bakarrik.

Bere erreguek erantzuna izan zuten, eta erantzun hau bisitara etorri zen iloba harengan iritsi zen.

Asperjarduneko arratsalde luzeetan ilobaren izakera ireki eta ausarta baieztatu ondoren, hiltzen laguntzeko eskatu zion.

Ez berak hiltzeko, baizik eskopeta bat uzteko osabaren eskuetan, eta aldegiteko.

Ilobak berehala ulertu zuen osabaren arrazoia, eta sendiartetik izkutuan, eskopeta bat utzi zuen Samuelen eskuin eskuan, sano zeukan esku bakarrean, barruan kartutxo bat zuela.

Paseatzera atera eta berehala entzun zuen ilobak etxea aztoratu eta sendiartea izuikara lasaigarri batez harrituko zuen eztanda.

Berehala jakin zuten zer gertatu zen, baina inork ez zion oztoporik aurkitu erabakiari.